Skip to main content
BAINA BERDIN DIO

Harrizko galtzaretatik
asfaltozko autobidera
gizakiaren bidexka
izan da beti bera.
Maitasun ta gorrotoz
munduak mila bira
odolustuen gorpuak
zagi hutsak baitira.

Baina berdin dio maite
zu eta ni bagoaz
denaren gainetik
gure bakardadearen
zoriontasunean.

Jendea presa handiz doa
ba al dugu helbururik
bizitza agudo egin behar da
ez dago denbora galtzerik.
Ei. lagun, hago ixilik
arazotan izango haiz bestela
ibil denen modura
izan denak bezala.

Baina berdin dio maite
zu eta ni bagoaz
denaren gainetik
gure bakardadearen
zoriontasunean.

Goizero esnatzean
nire aita joaten zen lanera
ala egin zuen beti
txingurrien modura.

Baina berdin dio maite
zu eta ni bagoaz
denaren gainetik
gure bakardadearen
zoriontasunean.

MARINELAREN BAKARDADEA

Hogei urtekin alde egiten
gurasoekin ez ongi
bizi nahia baina lotura
burua oraindik duzu argi.
Marinela izan nahi eta
amets hori beti buruan
buruan bakarrikan balitz
baitere bihotz barruan.

Hogeitabat urte eskasekin
bete zenuen ametsa
zazpi itsasoak zeharkatuz
handituaz bizinahia.
Mila emakumeren gorputza
sarritan izan duzu
baina ez duzu hauetako baten
arima inoiz ezagutu.

Hirurogehi urte konplitu
jadanik zaude trakets
indarrak galdu dituzu eta
itsasoa uzteko prest.
Zahartzaroarekin batera
ideiak dira aldatu
eta mundua zure inguruan
egin zaizu ezkutatu.

Portuan utzitakoaz
gaur sentitzen duzu pena
lurrak bai bait ditu hainbat gauza
itsasoak ez duena.
Itsasoa zen zure maitale
lurrean arrotz zara
ezin inori pena hau kontatu
ta itsasoa ezin maita.

ZURE BEGIEK

Zure begiek mintzen naute,
zure ahoak beldurtzen nau,
niretzako nahi zintuzket.
Sentimendu mugaezin hau.

Urontzi bat naiz,
nora ezean dabilen urontzia.
Mila arroken kontra jo dut
baina beti korronteak
zure kostaldetara narama.

Zure begiek mintzen naute,
zure ahoak beldurtzen nau,
niretzako nahi zintuzket.
Sentimendu mugaezin hau.

Zu gabe ez naiz ezer,
zu gabe zertarako bizi,
bizitza honetan ditudan helburu guztiak
ez dira ezer lortuz gero
zurekin konpartitzen ez ba ditut.

Zure begiek mintzen naute,
zure ahoak beldurtzen nau,
niretzako nahi zintuzket.
Sentimendu mugaezin hau.

EGUZKIA

Eguzkiaren izpiek indarrez sortzen naute
goizean goiz ateratzen ba naiz,
mila milioi irrifar, mila milioi lilura
biztzak izaten bait ditu maiz,
horregatik naiz ibiltzen
edonon bide egiten
ez harritu argiare
gaur goizez ba diot kantatzen.

Jada ez zait inporta harri ta zuloetan
estropozuka amiltzen ba naiz,
nire ibiltzearen nekea joan egin da
eta hori ez zait gertatzen maiz.
Su garrezko zaldi batetan
zugana joanen naiz hegan
gaur nik izpitzen dudan argitikan
zuk ere dezazun edan.

HARKAITZA

Txorietatik erdi gordea
dauka zuhaitzak hosto berdea
zela, gela, igela,
ta bestela, hau bezela,
gorderik dago mendi azpian
harkaitza.

ITSU BATI

Begietatik nola zauden
laguna elbarria
esplikatzera nihoakizu
nor den gure aberria.
Bere mendietan hazten doa
bizitza, kimu berria,
denetarik ederrena dauka
bere udaberria.
Zuhaitzeko orria,
langileen izerdia,
ifarraldetikan hegoraino
zuri berde ta gorria.

Eguzki zuriz esnatu eta
eguzki gorrriz lokartu,
txalupa batez bere sabelan
nintzen atzo barneratu.
Uso zuriak nire alboan
oraintxe dira geladitu
baina laguna gauza bat zuri
nahi nizuke argitu.
Adi-adi aditu
eta ez zaitez harritu
nik ere herria ez dut ikusi
baizik soilik sentitu.

Bere zainetan ere badauka
nolabaiteko kaltea
ikusten ditut fabriketako
zikin, zabor eta kea.
Erdaldundurik zoritxarrean
ditu oin eta ankea,
denetarik dauka falta zaion
gauza bakarra bakea.
Ezin hautxi ordea
lotzen gaitun katea
zaila izaten da ere niretzat
askatasuna ikustea.

ETZERA

Etzera nire ametsetako printzesa
baina etzaude gaizki.
Etzera izarretara eraman nahi nuen hura
baina galduko gera gauean.
Etzaitut engainatzen
maite zaitudala esaten ba dizut,
baina etzazu espero nik zu
ilargira eramango zaitudanik.

Egia esanda ez dago bibolin musikarik
txosnetako zarata besterik ez.
Ez gaude urrez ta zilarrez jantziat
baina musuak gozoak dira.
Etzaitut engainatzen
maite zaitudala esaten ba dizut,
baina etzazu espero nik zu
ilargira eramango zaitudanik.

Bihar betiko lekuetan gurutzatzen bagera
ez begiratu lurrera,
irribarre iheskor batez agurtuko zaitut
bizitza aurrera doa.
Etzaitut inoiz engainatu
maite zaitudala esan ba dizut,
baina jakin ezazu
noizbait ilargira bazoaz
han aurkituko nauzula.

OROITUZ

Gaur kulunkatu naiz
Azoka orientaleko hamaka batean
Sagarrondo ernetu baten azpian
Zeru urdinari begira

Eta joan egin naiz

Nikaroen Jinotegara
Jinotegako etxera
Etxeko patiora
Patioko hamakara
Hamakako zeru urdinera
Zeru urdinaren ilargi betera

Eta etorri egin zait
Zure irriaren diztira

GAUR ERE

Gaur ere kalean zaude
bizitzaz zer egin ez dakizula
mila sumin, anitz tentazio
eta zenbat maldezio.

Lanik gabe, etxerik gabe
eta nor maitatu gabe
kaleko kumeen lagun bakartzat
hotza hezurretan sofritzen.

Aspaldi hetsi zenuen baina
zure buruari diozu, zer ostia!
orain artekoak ez dik merezi izan
baina aurrera egingo diagu.

Gaur goizean etxetik irtetean
lurrean ikusi zaitut
gaueko hotz zital beldurgarriak
zurekin bukatu baitu.

Zure inguruan jende multzo bat
zure gorpu hilari so
neskatila bat negar zotinka
malkoak ezin xukatuz.

Gizon batek atso bateri
patxadaz zer zioen:
lasaitu andrea, kalean ibiltzen den
eskale bat besterik ez da.

NATURARI BURUZ

Gaur goizean euriak kaleak busti ditu
beti euriak ohi zuen moduan
baina gaur goizeko euri bustiak
badu zerbait arraroa
lainoien nigarrak euriaz gain
oinazezko oihuak jaurtitzen ditu.

Atzo osasuntsu ziren basoak
gaur mahai eta paper bihurtuak
gizakiaren erosotasuna
lurrak dituen gaitzen sortzaile bada
ez dut erosotasunik sentitzen
guzti hau paper eta mahai batean biltzean.

Atzo orlegia zen ingurunea
gaur lehor eta garratza topatzean
nire buruari galdegin diot
non gordetzen ote dugun bihotza
zertarako ditugun hitz zorrotzak
zertarako mingain eta hortzak.

Bihar esnatzean ez nuke nahi
gaurko ingurunean aurkitzerik
baina hori ezinbestekoa denez
gaurko ametsetan bizitzeko gai
den mundu bat irudikatuko dut
eta esnatzean gora begiratuko dut.