Biografia
1971ko urriaren 4an Errenterian jaio zen. Hamabost urterekin hasi zen gitarra jotzen eta lehen kantuak egiten. 1989an lehen grabaketa burutu zuen eta 20 urte betetzerako argitaratu zuen lehen diskoa. Euskal Herriko txoko gehienetan kantatu du. Zuzenean Mikel Laboa, Erramun Martikorena, Eñaut Elorrieta, Paco Ibañez edo Silvio Rodriguez bezalako kantariekin aritu izan da. Euskal Herritik kanpo emanaldi ugari burutu ditu; Frantzian, Ingalaterran, Espainian, Irlandan, Txinan, Kuban, Venezuelan edo Argentinan. Estatu Batuetan ere kontzertu ugari egina da, Kaliforniako Noka taldearekin elkarlanean disko bat kaleratu zuelarik.
Hamalau disko ditu bakarlari moduan. Bere azken lana 2026an argitaratutako Gezurrari zor diskoa da, zeinetan hainbat bertsolariren sortak musikatu dituen. Beste kantari eta talde batzuen disko mordo batean ere parte hartu du. Ekoizle bezala hogeitik gora disko ditu, Alex Ramos, Bidart aita alabak, Patxi Saiz edota Trikitixa Elkarteko Faborez izenburuko seriea. Irratian ere aritua da, 1994tik 2010era Herri Irratian Oroimeneko Portua eta Ahobete Hots saioak zuzendu zituen, bai eta Euskadi Irratian Kaja Beltza saioa ere. Telebistan Biba Zuek saioko kolaboratzaile izan da. Pako Aristi idazlearekin eta Benito Lertxundi kantariarekin batera Plazer bat duk, Benito! liburua argitaratu zuen 2012an.