Skip to main content
INDAR BAT DABIL HOR

Bizi-legeak dio
argi bezain idor
gaztea hilkor dela
zaharra derrigor.
Herri batez, ordea
zergatik ez aitor
hain zahar dela zeren
sortu zen ez-hilkor?
Ba, hala izan dadin
indar bat dabil hor.

Talde, xede, mugida
han tira, hemen bultz!
Zenbatek uzten duen
arima ta gorputz!
Su hori dena ezin
bihur liteke hauts
begiratzen badugu
helburu bereruntz
gailurra bertan dago
ezin da egin huts.

Gesalak haitzen kontra
haustean hartzen min
aparrak eman dezan
oinetan atsegin.
Gure erronka ez da
hil bat piztu dedin
baizik bizi den zerbait
biziago egin
sentituz geure eta
ondorengoen duin.

Gure aditz gutarrak:
gara, ginen, gaude.
Itsasoa bizi da
lorik egin gabe.
Gauden zu ta ni, denak
olatuen alde!
Argia islatzen da
malkoetan ere
garaipen bat ospatuz
bada hainbat hobe!

GAUZA XUMEETAN

Gauza xumeetan da edertasuna
gauza singleetan da baretasuna
kafe bat, ardo kopa bat,
zure begi aratzak bart,
itsas danbadaren kea
bai maitea.

Gordetzen den oro galtzen da,
usteltzen da, itzaltzen da,
ematen den oro hazten da,
berdetzen da, itzultzen da

Gure barnean dago behar duguna
gure barnean dago handitasuna
arima isilaren soan
bihotz azpiko txokoan
alda arazteko kemena
hor da dena

Gordetzen den oro galtzen da,
usteltzen da, itzaltzen da,
ematen den oro hazten da,
berdetzen da, itzultzen da

EZ DA ASKI

Ez da aski gabon esatea
amets politak izan
hain urrun zaude nire maitea
gauaren babesean
oraingoz beste modu batean
ezin den bitartean
sar zaitez nire amets berean
gaur ere lokartzean

Zure arinak eta nire arimak
han topo egitean
zure bihotza nire bihotza
taupada bakarrean
zure begien argitasunak
bidea erakustean
bularraren kontra estutzen zaitut
nire irudimenean

Nahiz froga bakar bat ez daukadan
hatsaren lainopean
zure pausuak jarraitzen ditut
erromes baten gisan
sentitzen dut niregan zaudela
gaurik ilunenean
zoratzeraino maitatzen zaitut
segundo bakoitzean

KONPLIZE DITUT ETA

Emakume zuzenak,
okerrak, kirtenak,
moja txintxoak eta
zerrama irtenak,
itsusiak, politak,
atletak, herrenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Langileak, alferrak,
lanik ez dutenak,
tuntunak, mediokreak,
klaseko lehenak,
ale desegokiak,
andre txit gorenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Ama onak ta txarrak,
ama ez direnak,
lurrera jausi arte
mozkortzen onenak
ta umeen merienda
usaina dutenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Lotsatiak, ausartak
argalak, gizenak,
iletsuak, soil-soilak,
marimutilenak,
katemeak, gorilak
panterak, zezenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Lehen munduko emeak,
kapitalistenak,
lur usaia daukaten
andre indigenak,
zuri, gorri, horiak,
beltzetan beltzenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

Markesaren alabak,
neskame gizenak,
printzesak ta sorginak,
ogroak, sirenak,
Maritxuak, Bartolo
itxura dutenak:
konplize ditut eta
maite ditut denak.

XAHOREN TWET

Xahoren, Campionen,
Matalazen herri hau
esnatzen denean
Agirreren, Monzonen,
Lizardiren herri hau
elkartzen denean
inperialismoa, intrantsigentzia,
has daitezela dardarka…

NO TIME FOR LOVE

Hoien legea guretzat apartheid,
kartzela, ihesa, hauspena ta isiltzea
hoien legea,
zu ta ni heuren gisara eukitzea
gordeak dituzu arma ta izpien
kontrako altzairu atzean
eta gu negar gasen mende gaudenok
oker omen gaude

Ez dute uzten maitatzen gauean
ez agurrik ez negarrik gauean
ez zergatik ez norarik gabe
sirena garrasi bakarra gauean

Tortura sufritzen, ziegatan usteltzen,
gutunak idazten eta bertan hil
eutsi zioten minari baina
bakardadeak irentsi
gorteek justizia egin zieten
matoi txukunen gisan
maiz borrokatuak iraun gogoz
baina maizago hiltzea nahi

Ez dute uzten maitatzen gauean…

Eraman zituzten Sacco ta Vanzetti,
Txiki, Otaegi eta Puig Antich,
etorri ziren Victor Jara,
Boby Sands ta lagunen bila,
Bostonen, Kabulen,
Ramalan, Santiagon,
Guantanamo, Belfast eta Elgoibarren
eta beste hainbat lekutan
hau zerrenda amaigabea

Ez dute uzten maitatzen gauean…

Zatozte anaiei borrokan
lagundu nahi duten guztiak
gerrara ohitu zintezke
baina gerra egon badago
arrainak itsasoa behar du
ta herriak zu behar zaitu
gure gogoak iraun arte
ez da beldurra nagusituko

Ez dute uzten maitatzen gauean…

GAUARI GALDEZKA

Izar urdin bat gauean
han ekialdean
zure hutsa leuntzeko
gaua argitzeko

Zu zara neska ttipia
arima bikia
harezko gorputz itsua
ahots eztitsua

Hurakana naiz, haizea,
pentsamendu askea
itsasoaren hegian
noa igerian

Zure hazia deiadarka
gorputza dardarka
jarraitzen nauzu honaino
nire oheraino

Gau labur amaiezina
nire maitemina
arimaren biluzia
hor da egunsentia

Linboan jarrai dezagun
himno hauxe lagun
gu bi arima bakarti
lau begi negarti

Patuaren helburua
bihotz gatibua
maiteminaren gidari
zu nire zaindari

Ortzian entzun dadila
nire oihu isila
ezinegonaz gainezka
gauari galdezka

OUEO

Inoiz triste-triste bazaudete
ezerk ez badu laguntzen
laino beltzek ez badute uzten
eguzki printzak ikusten
gogoratu kantutxo honekin
hasi zaitezte sendatzen
alaitasuna barne barnetik
nola datorren sentitzen

LO SAKONETIK

Lo sakonetik esnatu eta
paradisua zen nire ondoan
bere ileen paradisua
bere ezpainen paradisua
bere bularren paradisua
bere abismo guztien paradisua

Lo sakonetik esnatu eta
infernua zen nire ondoan
bere ileen infernua
bere ezpainen infernua
bere bularren infernua
bere abismo guztien infernua

Ta gogo biziz hil nahi nuen
paradisu bidea hartzeko
ta gogo biziz hil nahi nuen
infernuko bidea hartzeko
izara artean hil nahi nuen
une hura irentsiz hil nahi nuen
berriro ere bere abismotan
bere abismotan behera
erortzeko

ERRESUMARIK ZABALENA

Bizitza da erresumarik zabalena
diote oroimenean leize bat irekiz
zaldien begietako hiztegiek
bizitza da erresumarik zabalena
erromes oro galdurik
bere menditartean
nola galdurik itsasoaren bularretara ekia
nola galdurik agonia zure hitzen kariari

Bizitza da erresumarik zabalena
Udazkenaren ondar abandonatuetan
Gezurren sonata gosetiak
Bere melodia erorkor eta luzeaz
Arima hilkorren zingirak arakatzean ere
Gregorianozko murru higatuetan
Armiarma gotikoak dabiltzanean ere
Alabastroak iragazitako argitan
Bizitza da erresumarik zabalena

Bizitza da erresumarik zabalena
Hosto bakoitza erredura bat gehiago ezpainetan
Orratz bat tenk jaioberrien bihotzetan
Eskalez mozorroturik, mozkorturik zekalez
Sekula zoriontsu izan ez direnen
Espaloiaren alde hartan
Bizitza da erresumarik zabalena
Baina niri ez dit deusik erakutsi
Soilik isilik jarraitzen gibeletik
Denboraren zakur herrenari
Bizitza da erresumarik zabalena eta nik
Nik besoak baino ezin zabaldu

BIOK ELKARTU GINTUEN

Biok elkartu gintuen argi gosea
laztanez, musuz, ferekaz ongi asea
azala laztanduz haizea
behatzetan hondar hezea
gaur izan da egun luzea

Tantoka antzematen zaizu barne tristura
arima astindu zidan ispilu hura
nire babesaren aingura
zure ahoaren freskura
behetik gora datorren (h)ura

Barnera begiratzen da beti bakarka
zuzen lortzen ez denean saia zeharka
konformismoari ez barka
lozorroari ekin aurka
eguzkitan pozez dardarka

Galdutako guztiaren oroimenean
bakea eta sosegua galtzen denean
mozorro txar honen atzean
adinik gabeko etxean
senti nazazu aldamenean

DENBORAREN LAINO BIDAIA

Orioneko konstelazioa
nire begi ninietan zaindari
Betelgeusek
keinu egin dit
ordua dela esan nahian

Bideari heltzea zein zaila den
lurrikararen osteko paisaian
baina nola
jo aurrera
barrua hautsia badut

Denboraren laino bidaian
haize-orratz bihurtu nahian

Cassiopeiako konstelazioa
nire begi ninietan zaindari
Schedirrek
keinu egin dit
zain zarela esan nahian

Bidea ongi dakite malkoek
dena askatu behar den unean
gora aingura
eutsi lema
ta zerotik berriz hasi

Denboraren laino bidaian
haize-orratz bihurtu nahian