Skip to main content
BILA NAZAZU

Bila nazazu,
txoriak bere habia nola.
Ametsei eutsi
ez ditzagun gal inola.

Ez dakit, maitea,
bihar biziko naizen,
guretzat beste egunsentirik
izango ote den,
izan ginen hura
izango ote garen,
behin banatu eta bizitza
hondatu arren
patuak noizbait
batuko ote gaituen.

Bila nazazu,
txoriak bere habia nola.
Ametsei eutsi
ez ditzagun gal inola.

PRINTZESAK ETA PRINTZEAK

Printzesa eder, printzipe guapo
Mari errauskin edota zapo
naranja erdirik ez zazu bila;
zeu osoa zarelako.
Zeure begiez bizi, eta ez
besteen begientzako
-egin dorretxetik salto-
Aske bazara ez duzulako
askatzailerik beharko.

Konplexuz gizen ta pixuz lumak
besteentzako panpin kuttunak
izan gaitezen agintzen digu
sarritan gure garunak.
Izan gaitezke haundi zein txiki,
azkarrak edo tuntunak,
braketdunak, barredunak….
Erakargarri egiten gaitu
gure berezitasunak.

Bizitzak dauzka hainbat zutabe
pozak, tristurak ta dudak daude.
Dena aldatzen da, ta soilik gara
geure buruaren jabe.
Ate bat itxi eta beste bat
zabaltzen da parez pare;
lotu ta askatu xuabe.
Edonor gabe bizi gintezke
eta edonor gu gabe.

Gaurrak puskatzen du iragana
eta egunak gaua darama
eta hasten den bezain natural
bukatzen da harremana.
Ez zazu pasa bizitza osoa
begiratuz besteengana;
bila zazu zeugan barna
zeu zara zeure zorionean
eragin gehien daukana.

Jardin haundi bat duten etxeak
asko balio duten kotxeak
bikote beti irrifartsuak
instagrameko poseak….
Askatasuna ematen digu
topikoak birrintzeak
inperfektu sentitzeak
ipuinetan bakarrik daude
printzesak eta printzeak.

EZ DA BIZITZA

Ez da bizitza uneoro
igarotzen dena,
gu baizik bere baitatik ihesi,
gure ezerezean dena daukagula,
unibertsoa ere ba daramagula
ahaztu genuen
egunaren bila.

Inongo jainkok ez gintuen aukeratu
eta ez dugu bere errukia
irabazi beharrik izan.
Erlojuaren orratzak gure aspermena
neurtzen zuten amesgaizto bihurtu zirenean
ihesi joan ginen, urrun, hain urrun
non geure burua aurkitu genuen:
han zegoen, herabe eta uzkur,
gure izaera, nortasun-mozorroa jantzita,
gure misterio gosea ispiluetan multiplikatuz.

Ez da bizitza uneoro
igarotzen dena.

Ohituren errepikaketan
izerdi asko isuri dugu
berritasunak sortzeko unean
arima izozten zitzaigulako.
Tradizioa deitzen genion frakasoari,
eta antsiolitikoekin ezabatzen genuen
kaxkarkeriaren ispiluan
multiplikaturiko samina.
Basamortua bustitzen ez duen langarra
zitzaigun jakinduria,
ikasi behar ez zena ahaztu ezinik
ikasi nahi genuena
ba dakigula konturatu ginen arte.

Ez da bizitza uneoro
igarotzen dena,
gu baizik bere baitatik ihesi,
gure ezerezean dena daukagula,
unibertsoa ere ba daramagula
ahaztu genuen
egunaren bila.

ZENBAT DENBORA DA HONDARTZA

Sua jausten da zerutik
ta dizdizka ari da ura
hasperenero malko bat
irteten zait nire barrura...

Olatuak hegan doaz
ta hodeiak doaz igeri;
Ta ez dakit begira egon
edo eurak atzetik segi...

Arroketan landatua
lur hezeetan fosildua,
nire besotan askea,
nire ausentzian bildua...

Bazauzkat baina ez zauzkat;
zaude, zoaz, joango zara...
Baina irri egiten dut
bitartean bada ezpada.

Itsasoa soa hitsa,
begirada lehen olatuan
hondoratu egiten zait
ez garen denaren lakuan.

Gu ez bagara existitzen
zertarako da ilargia?
Ez bada gu ez garena
argitzeko bezain handia?

Gardenak eta hauskorrak,
hori bera gara: kristala...
Puskaezin egin gara
itsasoak laztandu ahala.

Ederra latz bihurtzen da
bilakatzen da eder latza;
zurekin dena da zaila
zurekin dena da erraza...

Zain egon naiteke baina
zain zenbat hori da zalantza...
Kristalizatuz baitoa
barrenean malkoen gatza.

Zain egon naiteke baina
zain zenbat hori da zalantza...
Harea denbora bada,
zenbat denbora da hondartza?

MAITASUN KANTA BAT

Maitasun kanta bat
idazten denean
jartzen dugu beste
guztien gainean

Zure bihotzean
nere mingainean
inoren ta denen
pozean, minean

Nork esango dizu
altxor bat bezela
gordetzen duzuna
zuretzat ez zela

Nik daramadana
zuk daramazuna
kantu ederrenek
duten maitasuna

Maitatu ninduzun
maitatu zintudan
izarrak zuretzat
piztu ziren udan
inoiz egin diren
kantu ederrenak
zuretzako ziren
zuretzako denak

Maitasun kantu hau
entzuten baduzu
kantu eder denen
gainean jar zazu

Istorio oro
bizi den etxean
nire mingainean
zure bihotzean

Eta ni hemen nabil
kantu hau kantatzen
zugana iristeko
nigan arakatzen

Hainbeste geltoki
hainbeste itsaso
eta dena esanda
zegoen akaso

Maitatu ninduzun
maitatu zintudan
izarrak zuretzat
piztu ziren udan
inoiz egin diren
kantu ederrenak
zuretzako ziren
zuretzako denak

ZIGOR ZELDETAN

Udaberriko euriteak jasan ezik
ezin udako eguzkiak gozatu,
udako sargorietan erre gabe
ezin udazkeneko orbela zapaldu,

Baina zer axola zaio zigor zeldetan
dagoenari urtaro aldaketa?

Udazkeneko airea urdintzen ezagutu gabe
ezin neguko elurra so egin,
neguko haize hotzak bizi ezik
ezin udaberria loratzen dela sinetsi.

Baina zer axola zaio zigor zeldetan
dagoenari urtaro aldaketa?

ZER NAHI DUGUN JAKITEA

Jaio zenean prest zeuzkan
bi beso bero, bi arku
lotarako bi magal ta
kulunkarako bi barku.
Denborak erasan zion
eta haztera behartu
ez zuen bereganako
biderik motzena hartu…
Hutsune handi bat zeukan
ta hutsuneaz hausnartu
ondoren berriz hastera
azkenean zen ausartu
baina poza galdu zaio
eta begirada zahartu…
Bere baitatik irten zen
eta ez daki non sartu.

Nahiz ta badiren zauriak
ezin litezkeenak senda
pixkana erantzi zuen
begien gaineko benda
argiak begietan min
egiten zion irtenda…
Irriparra hustu zuen
ez zuen neurriko prenda
egutegia hautsi ta
sutara bota agenda
bakarreraino murriztu
bere lagunen zerrenda.
pentsatu izan du “justu
nahi nuena ez al zen ba?”
aske izan nahi zuen baina
askeegi sentitzen da.

Hiztegitik ezabatuz
gertukoa ta maitea
maukan trabatu zitzaion
bere azkeneko naipea
berotasuna galduta
ez ote zuen nahi kea…
Denek esaten zioten
“gugana zabal zaitea”
Baina izarrei begira
bizi zen satelitea…
Dena iruditzen zaion
faltsua eta sinplea…
Erraza da gorrotoa
eta alde egitea
baina ez da hain erraza
zer nahi dugun jakitea.

OROITZAPENEK ESNATU NAUTE

Gogoratzen naiz, udazkeneko
egun hits bat zela.
Zu eta biok, hain pozik
lagun artean geundela.
Oroitzen zaitut, hain alai
eta zoriontsu zinela.

Oroitzapenek esnatu naute
ametsetan nengoela
alboan sentitzen zaitudan arren
ohartu naiz ez zaudela.

Esperantzari utz iezaiozu
landatzen hazia
desioa bilakatu
ilusio erauntsia
maitasuna izan daiteke
mingots garratz ta gazia

Oroitzapenek esnatu naute...

Denborarekin bihurtu zara
bihotzean orbain
maite zintudan guztiak
ez du deus balio orain
itzulera amestuko dut
jarraituko dut zure zain.

Oroitzapenek esnatu naute...

Orain soilik geratzen zait
gutaz idaztea
muxu, laztan eta irriak
ez da erraza, ahaztea
gogorra, latza ta zaila da
joan zarela onartzea

Oroitzapenek esnatu naute...

ZER DA MAITASUNA

Sentipen oro da maitasuna
Zer da maitasuna?
Sentipen oro da maitasuna

Maite direnen, berotasuna
hurrun daudenen, gertutasuna
ez dauden hoien, isitasuna

Sentipen oro da maitasuna
Zer da maitasuna?
Zer da maitasuna?

Itsasoaren askatasuna
zelai hezeen, berdetasuna
Eguzki printzen goxotasuna.
sentipen oro da maitasuna

Zer da maitasuna?
Zer da maitasuna?

Begi umelen gardentasuna
ezpain eztien, laztan leuna
bizi latz baten, edertasuna
sentipen oro da maitasuna

Zer da maitasuna?
Zer da maitasuna?

Ezerezaren osotasuna
egi erdien antzutasuna
barne tristuren alaitasuna
sentipen oro da maitasuna

Zer da maitasuna?
Sentipen oro da maitasuna
Zer da maitasuna?
Sentipen oro da maitasuna

MILOIKA BIDER

Nire arbasoen herentzia gorde dut,
nire gizonak balearen bila,
abenturarako ontziraturik, edo
gerretan desagertzen ziren bitartean.

Nik zaindu dut familiaren ondarea,
arduratu naiz etxeaz, seme-alabez
zaharrez, gaixoez,
baratzeaz eta abereez.

Jakintza-iturrietatik urrundu eta
baztertu naute, eta hala ere,
hizkuntza, idazten ez den jakintza,
sinesteak, tradizioa, irakasten jakin dut.

Milioika bider ikusi dut
eguzkia ateratzen eta ezkutatzen,
eta hemen jarraitzen dut,
erroak lurrean barrena sartzen
eta adarrak zerurantz jasotzen dituen.

Barre egin dut, negar ere bai,
baina maitatu egin dut batez ere,
eta maitatzen dut,
bizi naizen eta hiltzen naizen
mundu bazter hau.