Agian ez da coola
falta du glamourra
zaharkitutzat hartu
zaitzaten beldurra
ikuspegi motzeko,
hondarra, apurra
kontraesan handi bat
edo iruzurra…
ote da maitatzea
norberaren lurra
Munduko hiritarra
izatea omen
munduko ulerkera
gorenetan goren
Badakizu New Yorken
Empire non dagoen
badakizu rave bat
non egin Londonen…
ta ez dakizu Barkoxe
Euskal Herria den
Mundua balitz legez
zerbait orokorra
kolore bakarreko
margolari obra
partikulartasuna
ez al da altxorra
hemen ez duzu nahi ta
joaten zara horra…
hor ere hemen dela
oroitzea sobra
Dena berdina balitz
su beraren kea
inork ez luke nahiko
inora joatea
herri txikiek ere
ai snob maitea
ez balute mantendu
identitatea…
hain gustukoa duzun
dibertsitatea
Ez dugu nahi mugarik
indarrezko marra
ezta klase sozialik
ez armen indarra
ados, baina orduan
galdera bakarra
zuretzat ona dena
molde estandarra
zure ustez guretzat
zergatik da txarra?
Hizkuntza ta kolore
musika, sukalde
zuhaitz, animalia,
taberna, sortalde
begiratzeko modu
eta giza talde
denak desberdin baina
lur berean gaude
mundua maite dugu
lurraldez lurralde
horrexegatik gaude
gurearen alde
“A zer zortea daukazun, neska!”
izan ohi da titularra,
“zure mutilak jadanik ez du
deklinatzen singularra
dena utzita bilakatu da
aita espektakularra
beti kalean umearekin,
beti aldean fularra...”
Bai, ta gauean ordu terdiz behin
ematen dio bularra.
“Pazientzia kiloka dauka,
ez oihu, ez danbateko
arnasa hartuz haurrari dena
goxo goxo esateko
lehertzen bazara proposatuko
dizu lasai etzateko
arropa garbi eta bere gain
erosketa nahiz jateko…”
Bai, ta denbora ateratzen du
komunera joateko.
“Zer gizon ona lan ordaindua
alboratzeko gai dena
askok ez baitu hasieratik
erdibanatu nahi dena.
Zurea kide presenteena,
zurea umezainena,
lehenik sei aste, gero gehiago
hori da bere nahimena...”
Bai, ta gainera berak hartuko
du edoskitze-baimena.
“Erdiondoan nola aldatu
zaren kanpo eta barru
ulertu zaitu, ez zedin izan
hormona-festa amarru;
akonpainatu ditu hainbeste
negar zotin, barre, marru,
onartu etxe barruan dena
bihurtzea traganarru…”
Bai, ta bigarren ume bat nahi du
gehienez bi urte barru.
Irutxuloko hiria
Turista eta giria
Ederrean zatar zaren
Arrotzaren inbidia
Arrotzaren inbidia
Irutxuloko hiria
Mailegua, hipoteka
Bikoteka-bikoteka
Merkatuak bizitzari
Forma eman dio eta
Forma eman dio eta
Mailegua, hipoteka
Santa Klaratik hirira
Marea bareen mira
Baltsa apurtu batean
Pirata bat etorri da
Pirata bat etorri da
Santa Klaratik hirira
Kursaala ari da ozen
Hollywood txaloz berotzen
Oraindik entzuten zaitut
Xalbadorri txistu jotzen
Xalbadorri txistu jotzen
Kursaala ari da ozen
Bilintxek ahots bat baitu
Langile-eztarriz blaitu
Itsusitzat daukazunak
Ederrago egin zaitu
Ederrago egin zaitu
Bilintxek ahots bat baitu
Militarren alabantza
Danbor eta makil dantza
Zergatik izan nahi duzu
Erre zintuztenen antza?
Erre zintuztenen antza
Militarren alabantza
Plaza Berria, Konstia
Itzulpenaren hozkia
Nork bihurtu ote zuen
San Sebastian Donostia
San Sebastian Donostia
Plaza Berria, Konstia
Zuretzat nire mihia
Lorea eta ziria
Zatarrean eder zaren
Irutxuloko hiria
Irutxuloko hiria
Zuretzat nire mihia
“Etorkizuna zarete”
eta orain non gaude, ba?
Lasai ze ohituta gaude
ez-lekuetan haztera.
Baina inor ez du salbu
harrapatu desastreak:
gero eta zaharragoei
deitzen diegu gazteak.
Etxetik joan ginenok
itzultzen gara udaro
bestela turistentzako
lekurik ez omen dago.
Denak behar zuenean
justu hemen eta orain
gaztaro erdi pasa dugu
busa noiz iritsiko zain.
Insomnioa daukagu
zuloak begi bietan
zuen harrizko herriaren
plastikozko hirietan.
Partekatua ez al da
honen erantzukizuna
zuen esku zegoena
bada iritsi zaiguna?
Iraganaz ez da heldu
ezer onik, ezer txarrik,
izan zenaren osteko
isiltasuna bakarrik.
Tarteka triste, askotan
haserre, maiz intseguru…
zirrikituetan pozik
bizitzen ikasi dugu.
Agintzen ari dena
ez dugu ikusten
ta hori aukeratzen
ez digute uzten
Egiaz hustu diren
gezurrak gorpuzten
Irentsi genituen
irentsi gintuzten
Sare sozialetako
azken harietan
egia lausotu da
kristal garbietan
Bizitzen ari garen
garai nahasietan
gezurra libre dabil
demokrazietan
Paper zati txiki bat
kutxara joatea
da batzuen gerra ta
besteen bakea
Demokrazia al da
burkide maitea
hautatu dutenari
baietz esatea
Politikaren mahaian
zenbat zertzelada
azalduko dizute
errex ez dela ba
fitxak mugitzen ditu
nork bere erara
dirua duen hori
araua bera da
Ustezko momentua
iristen denean
nola ardiak artzain
zaharraren menean
goazen bozkatzera
zuzen zuzenean
erabaki dezaten
gure izenean
Batzuen ahotan pilatuak
mihietan korapilatuak
gaur egun begira
errez sartzen dira
beraien gezur makilatuak
herriaren gurpil zilatuak
agintean noizbait iltzatuak
ja ez da hitza hitz
horrela gabiltz
nork irentsi ditu hitzartuak
Ordulariari so denbora
aitzinera doa baina nora?
Gezurra badabil behera gora
sinesten duen bat delako da
nahasten ditugu zeru eta zoru
moda eta modu
haiek ta gero gu
ikusten denari beldurra diogu
ikusten ez denak arrisku gehio du
Berezkoaren goi-tresna
dohain batzuk eta sena.
Horietan bat, agian lehena
zure ikasmena.
Zertako zabaldu dema
zein den agintzen duena?
Denekin ere nahiko lan bada
izaten nahi dena.
Euskara ikasten argiak.
Gainera bertsolariak?
Hau gehiegi da! Ezin da izan!
Altxa belarriak!
Arrazoi zuen herriak
eta atzerri erdiak.
Jaiotzaz hara guztiok gara
euskaldun berriak.
Emakumea zergatik
bizi zen urrun plazatik?
Zenbat hitz ergel, egia beltz bat
zuritzeagatik!
Ez zela izan batetik
ezingo zela bestetik.
Horiek denak ikusten ditu
Maialenek goitik.
Gaude egiaren alde
eta gezurraren mende.
Baina guk oihu: «Aurrera beti!
Zer ez da posible?».
Zein eder den bidez bide
biltzea hainbeste kide
horizonteak saltatu eta
sentitzeko libre.
Bizitza zer da ez bada
opor batzuk ta bi kantu
bizitza zer da ez bada
bi zalantza iskribatu
bete gabeko amets bat
xuxurlan bi hitz pribatu
egia bat aurkitzeko
bilatzea aski datu
gezurrak gure egiak
ez ditzala azpiratu
ez diezagutela inoiz
bizkarra aurpegiratu
garaiotan ezin bada
irudiekin fidatu
hautatu beharko da zein
ispiluri begiratu
Memoriaren zelaian
ereiten da hainbeste lar
Xenpelar asko izan ziren
ez zen bakarrik “Xenpelar”
intxusa ta izpilikuri
ez diet nahi deitu belar
familia esatean
ez dut esan nahi nuklear
otsoa sarri da beldur
eta tximeletak beldar
jarri eskuak eskutan
begira dezagun elkar
beti izan dut nahiago
bizitza honetan zehar
gezurrekin irri baino
egiekin egin negar
Sistemak grazi handiz
darabil giñola
aurrerakoi moderno
zabiltz ta behinola
oharkabe ohartu
zara euspañola
ez niri begiratu
ez so egin hola
ez da burdinola
gelditu inola
baina zu mintzo zara
batek jakin nola.
Hizketako moldea
menu erosoan
esaldiak txandaka
lotura lausoan
zappinga behatzean
zappinga mintzoan
nortasuna, hori bai
betiko nitxoan
zerbait erasoan
daukat zure soan
gezurra kulunkari
egien altzoan.
Zapalkuntza omen da
errudun maltzurra
gaia edozein dela
diskurtso otzurra
denak hor bertan goxo
ez jos ta ez urra
non da zure mingaina?
zer dabil zintzurra?
hara iruzurra
muin bako hezurra
egiaren doinuan
mintzo da gezurra.
Gazte aroko logelan
lanpara bat zen sabaian
maiz lotarako garaian
itzali, ta errezelan
armiarma zahar bat zelan
luzaro itsasten zena.
Bere oihuen ozena:
“Maite duzun hori maitez,
eutsi, ta arriska zaitez!
Zorroztu sortzaile sena!”
Haserako jolas-modu
hura iada ez zen jolas
zeure buruari solas
eginez hainbeste ordu!
“Naizenak ahal izango du?”
Firin-farango orbela
Utzi zenuen logela
ohartzeke, sormenean
betiko amaraunean
harrapatuta zeundela.
“Bizitza ez da beti jai”
esan zuen Amuritzak
eta poetaren hitzak
ez zenituzke ahaztu nahi…
Sormenetikan bizi nahi
baina non hautsi enborra?
Nola birrindu zokorra?
zuri pantaila, pepera…
askotan doaz batera
sormina eta min sorra.
Lagun batek esan zidan
gizartean adierazle
Institutuan irakasle
on bat zekusala nigan
bizitzeko horren jiran.
“Bizi besteon modura
ahaztu sormena, kultura.
Ea ulertzen didazun:
lotura da askatasun
ta askatasuna lotura!
“Zuek bai ederki bizi!”
entzuten dugu askotan
gure bizibide hontan
dena bailitzan gutizi,
txalo-hots, foko, karizi,
dirutza eta mirespen…
Eta ez dute sinesten
gure lana, gure kezka.
Bizi bide oro ez da
ogibidera iristen.
Gainera euskara bada
gure sormenaren ardatz
gaua bilakatzen da latz
ta gaztetako lanpara
zuregana dator, hara!
Sumatzean babes faltan
hasiko zaizu kalakan
iada ez da armiarma
zure beldurrek ai, ama!
bihurtu dute alakran.
Zaharren egoitzan zaude
lanpara dena da flexo
baina baditu bi beso
karrapa zaitzan halare…
Sortu, sortu, etengabe
Idatzi eta abestu
ilustratu nahiz antzeztu…
Bakoitzak ohe bat dauka
zuk amarauna hamaka
zeuk eragin, zeuk amestu.