Skip to main content
EZ DUT INORENA IZAN NAHI

Egia esatea nahi baduzu
ez dut inorena izan nahi
ez dut lorazko gartzelarik behar
ez katerik, ez kotorik.

Egia esatea nahi baduzu
hegal egiteko jaio nintzen
ez dut geltokian herdoiltzen den trena izan nahi
ez, ez, ez, ez.

Ez zaitez larritu banoala badiot
hirian argi izatera
herrisketako esames,
ez zaitez harritu horizontez jazten banaiz
maitasun bala izateko hitzaren bidez ezpata.

Egia esatea nahi baduzu
ez dut inorena izan nahi.

POEMA BATEN ARRAKASTA

Neskatxa bat zeureganatzeko
poema bat idatzi zenion.

Neskatxa poema irakurri ahala
guztiz maitemindu zen.

Guztiz maitemindu zen
zure poema
eraman zion
mezulariaz.

EA TOPATZEN ZINTUDAN

Jantzi nuen neguko arropa
ea topatzen zintudan
elur artean, euri artean,
edozein ekaitzetan.

Jantzi nuen abiadore jaka
ea topatzen zintudan
lanbro artean, laino artean,
edozein zerutan.

Jantzi nituen mendiko botak
ea topatzen zintudan
ira artean, ontto artean
edozein zuhaitzpean.

Jantzi nuen eskafandra
ea topatzen zintudan
plankton artean, koral artean,
edozein ozeanotan.

Jantzi nuen astronauta trajea
ea topatzen zintudan
izar artean, astro artean,
edozein konstelaziotan.

Jantzi nituen bakero zulatuak
ea topatzen zintudan
taberna artean, jende artean
edozein herriko jaixetan.

PRESO EGON DENAREN GOGOA

Preso egon denaren gogoa
gartzelara itzultzen da beti.
Kalean juje, fiskal eta
abokatuekin gurutzatzen da,
eta poliziek, identifikatu ez arren,
beste inori baino gehiago
begiratzen diote, bere pausua
sosegatua ez delako
edo sosegatuegia delako.
Bere bihotz barruan
betirako kondenatu bat dago.

ZERTARAKO MUGAK JARRI

Sasoi beteko mutiko bat nauk
guraso zaharrek hezia
ohituretan itsatsia
neri eskeini hidaken arte
laguntasun berezia
orain higana joan zaidak nire
maitasunaren gezia
jendean akats guzia
elkar maitatu dezakegunik
onartzen ez ikasia.

Kizkurtutako ile iluna
begi berdeen kontraste
mingaina mingainan eske
bere bi ezpain pekatariak
koxkaka jango nituzke
biluztutako gorputz azala
gozamenaren gerizpe
bat diren bi zilbor heste
gizartearen kaiola itxian
elkar maitatzeko aske.

Nahiz erdi gixon ta erdi eme
deitzen diguten ozenki
beraiek"macho" izaki
nahiz eta beste azerakoak
izango gaitukan beti
nahiz ta "marika", "afeminatu"
gisako izenak eduki
alperrik ari dituk hi
zeinek agindu behar ziguk guri
bihotza nori ireki.

Maitea, neska lotsatu asko
gu bezalaxe zebiltzak
jan dizkik beldurran gaitzak
euren herrian fama txarrikan
ez izateko baldintzak
baina gordezka ez ibiltzeko
agintzen dik bihotz mintzak
sentipenak azal itzak
beiratu txarren beldurrik ez dik
maitasunaren zuhaitzak.

Neska mutilen harremanetan
larru gorriz larru gorri
arimaren gozagarri
edonolako harreman mota
da gure aberasgarri
sentimenduak libre behar du
ez arau eta ez neurri
zertarako mugak jarri
eduki ahal dugu apurrik
ez uka behintzat elkarri
zertarako mugak jarri.

GABON ARBOLETAKO

Gabon arboletako bonbila baten barruan
sartuko nintzateke ni, fetoa.
Ikusiko nituzke goardiak
gauero gure demografiaren beherakadak ziurtatzen
eta maparik gabe
Alaskako bidea zaborretan galdu duten urre-bilatzaileak,
eta zu ikusiko zintuzket,
semaforoa gorrian zeharkatzen,
gure zitako kantoia inork lapurtu ez dezan.
Orduan, mila filamentutan hilortuko nuke bonbila
zure atzetik abiatzeko, zure atzetik.joateko.

IRUDIKATZEN

Hutsaren ozpin ta gatzak
ez balu gugan lekurik
egin nahiaren amorrazioan
amilduz.

Egurraren barrunbeetan
ilargiz eta eguzkiz
osaturiko unibertso denak
zabalduz.

Irudikatzen, dei egin ozen,
ziztuka azalduko da bera,
figuratan, koloretan,
isladatan, ahotsean,
bera.
Gure ametsa, zure ametsa.


Grinen bultzada beroak
ez balitu erreko erraiak
gure bihotzen taupada geldoa
azkartuz.

Gogoeta lotietan
nagi, alfer gaudenean
irudimenaren azala minez
ziztatuz.

Irudikatzen . . .

BADAEZPADA

Ni bizi naizen herrian
leihoak ezin dira zenbatu
ni bizi naizen herrian
zauriak ezin dira sendatu
jendearen begirada beldurtiak
infinitoan
galtzen dira.

Ni bizi naizen herrian
paretak "collage" bat dira
ta ez baduzu sinesten
egin kalean pare bat bira
tortura, kuartelak? kartzelak,
ez baitira informatiboetan
berri aipagarriak.

Milatik batek irribarre egin du
milatik beste bat agurtzerakoan,
bederatzirehun ta larogeita hemeretzik
kopeta beltza erakusten dio
bederatzirehun ta larogeita hemeretziri
badaezpada.

Ni bizi naizen herrian
bakea da garestiegia
batzuok eta besteok
guretzat baitugu egia
aurpegi bakoitzaren atzean
dagoena gure "bandokoa" ote den
jakin nahian joaten zaigu denbora.

Milatik batek...

MALENEN XERKA

llargiaren hotzikara sentitzearekin batera
itzalen bidaiaren pasajea
txalupariaren untzi zubia desagertuta ote.

Lagun iezadazu bidaia hontan agure bizardunen aurrean
ez dezadan etsi
zaldi zuritik ez nadin inola jeitsi
zapata-urratzen jarrai dezan
herio nekagaitzak.

Biderik ba ote da bizkar horren atzean
ai itsasoa, itsasoaren zabala
esaidazu ea oilo formako zuhaitzik ba ote den,
non den zoriontasun jauregiko atexka itxia.

Zatoz arren nirekin zeruko jostunarengana eta
jantzi dezagun ilargia
piztu ditzagun zeruko hosto guziak
dizdira dezaten
zapata-urratzen jarrai dezan
herio nekagaitzak
Malenen xerka zatoz arren nirekin.

FLEXO TXIKI BATEN ARGITAN

Flexo txiki baten argitan
egindako gauak oroitzen ditut goxoki.
Zirrara xixtrinen bat sentitu nahiean
paper txuri bat himenurratuz,
tripan korapiloak lotzen direnean
azukre ta gatzarekin urtuz,
on egiten delakoan hemen biluztean
krudelki barne mugak apurtuz,
hutsuneen azpiko irudimenean
mundua emakume formara laburtuz,
ixiltasunean
ipotx txiki baten zain,
intxixuren baten zain,...

Flexo txiki baten argitan
egindako gauak oroitzen ditut goxoki.
Inkonformidadeak hitzaren zentzua,
hitzek zentzuaren konformidadea.
Bakardadea beti ez delako antzua
konpainiari jarriz epea,
ixiltasunean
ipotx txiki baten zain,
intxixuren baten zain,...

Gaur flexo txiki baten argitan.