Skip to main content
DENA HANKAZ GORA

Lehen,
zure etxean sartzerako
kandelak piztu ta haien argi gorriz
margotzen zenituen pertsianak.

Lehen,
kafea nire eskuetan utziz
dena jiratzen zenuen hankaz gora
gustora sentitu nendin.

Ni zure gainean ta
dena hankaz gora
zu niri begira
kattagorri bat gogora.

Gero,
zure etxean sartzerako
Van Morrisonen ahotsak gela lanbroz
betetzen zuen etengabe.

Gero,
uzkur begiratzen zenidan
ea baso urrunetan galdurik
ibili denaren ikara neukan.

Ni zure gainean ta…

Orain,
zure etxea uzterako
kafea dakarkidazu ohera ta
nire aurrean janzten zara.

Orain,
gorputz hori nik neronek
biluztu nuela ahantz ez dezadan,
zu gabeko egunen memorian.

Ni zure gainean ta…

ZALDIARENA

Bere joanak astintzen duen
haize kiribilduaren freskura,
marrua, urrunean
galtzen den
musika bat bezala,
bere gainean
munduak pisua nola galtzen zuen
sentitzea,
beroa hankartean estuturik
besoak zerura jasotzea.

Hemezortzi urte kunplitzean
motoa eskatu
exigitu zuen.
Zaldi bat ekarri zioten.

Orain zoriontsu
zaldi gainean doa eskolara.
Ez bait zaio karburantearen pultsoa
batere interesatzen.
Ez du istripu estadistiketan
parte hartzen
eta musu ematen dio musu
gauero
larunbatetan ezik.

Larunbat gauetan
horditurik etxeratzean
zaldia jipoitzen du
jo eta jo
neskatxek, ai neskatxek
bere usaina duela
esaten diotelako.

FERIA

Nekazarien festa eguna
non eguzkipean lurreko gizonek
aspaldiko liskarrak berritzen
eta betiko adiskidantzak bermatzen
dituzten habean esekitako
zahatotik zurrupaka.

Berrehun pezetan sagu-zepoak;
mostradore atzeko neskatxak
bere lehen soldata irabaziko du
eta agian Turkiako gamelu-hezurrez
egindako kutxatxoa erosiko du
egunaren amaieran inork eraman ez badu:
mila eta seiehun eskatu dizkio hippyak.

Zorroztarria behar duen gizona zalantzan
made in the people’s Republic of China
berrehun pezetako hitz potoloa irakurriz;
sagarrak dozenaka saltzen direla
-eta ez pisura- enteratu da motozalea.

Badator iluntzean hozten hasiko duen aroa,
badator gaztainak jateko giroa,
distirak edatekoa
eta feriatik itzuleran
pagadian iluntzen ari zuela
zuk eman zenidan preziorik gabeko musu hura.

GAUA HOTZA NEGUA

Esnatu eta
tren huts batean nago.
Jomugara aspaldi iritsia,
bagoi luzea jendez hustu da.
Ilunak hoztu du
kristalaren kolorea.
Geltokian ere inor ez,
bakardadearen estuasunetik ihesi denak.

Ahuldua, ezer egiteko kemenik gabe,
ikara sentitzen dut, tristurak itotzen nau.

Nola iritsi naiz
izarren distira izoztuaren pean
hedatu den
desanparo gordin honetara?
Nola barneratu ote zait
txakur basatien
izu deslaia
bihotz zuloraino?

GELA ZERU BIHURTUA

Zu etortzerako ohean
lekua hartzea gustatzen zait,
eta zure gorputzaren eskueran
kokatzea enearen azalera.

Bizkarra emanda gelditzen ba naiz,
atzetik besarkatzen nauzu
ta oso ttikia asmatzen naiz han,
zure beroaren hutsunean.

Eta maitatua sentitzen naiz
loak hartzen zaitunean,
zaitudanean.

Zure eskuek, adimenak haientzat
kalkulatu jarreretatik aske,
adieraren ahalmena biziberriturik,
maite nauzula esaten didatelako.

Zuk gogor usteko gizon koskor
egin duzu zure burua,
baina azala da gorputzaren egia,
gauero larrua eskeintzen didana.

Eta maitatua sentitzen naiz
loak hartzen zaitunean,
zaitudanean.

INDUSTRI BIRMOLDAKETA

Untziolak itxi zituzten
eta bere bizitza osoa
itsasuntzien eraikuntzan
enplegatutako arotz zaharrak
enkarguzko lan ezberdinetan
hasi behar izan zuen.

Alabaina, batelen formakoak
ateratzen zitzaizkion gurdiak
izkina borobileko altzariak
kurbarekiko maitasuna
argiro aitortuko luketen
olerkiak bailiren.

Hil zen arte saiatu arren
bere patua idatzita zegoen
itsasoak gidatzen bait zuen
esku higatu haien indarra
azaleko zimurrek osatzen
zituzten uhinen bidez.

Untziolak itxi zituzten,
untziolak itxi egin zituzten.

HODEIETARA BEGIRATU GENUEN

Hodeietara begiratu genuen, hiztegi ikustezinera,
Gabriel García Márquezek
bakardadeak ehun urte kunpli al ditzakeen
jakin nahi zuen.

Hodeietara begiratu genuen, hiztegi ikustezinera,
Truman Capotek kondenatuen
azken eguneko sentipenaren izena
jakin nahi zuen.

Nik ez dut besterik jakin nahi
ea urte hartako iraila
bezalakorik
helduko ote den berriro
ta zoriontsu izango naizen
berriz leihoko bapainuan
zure bihotza
zintzilikatzen dudanean.

Hodeietara begiratu genuen, hiztegi ikustezinera,
Atxagak Ptolomeoren
kartografietan Etiopia deitu fantasiaren kokagunea
jakin nahi zuen.

Hodeietara begiratu genuen, hiztegi ikustezinera,
Herman Hessek uraren urrumak
isurtzen duen hizkera Shidartari nola irakatsi
jakin nahi zuen.

Nik ez dut besterik jakin nahi
ea urte hartako iraila
bezalakorik
helduko ote den berriro
ta zoriontsu izango naizen
berriz leihoko bapainuan
zure bihotza
zintzilikatzen dudanean.

BIDERTZEKO LAPURRA

Heriok besterik ez dezake egin
irribarre
prostituta hark egiten zuen moduan.
Herio besterik ez daiteke,
zinez,
hain ederra izan.
Gaztain errearena azala,
gauari ostutako bi botoi
haren begiak,
burdin gorriarena
haren mihiaren ukitua,
hortz zuri haien irribarrea
egunsentia zen ahoaren gangan.
Oso gutxi hitz egiten zuen,
baina zakila laztandu zidanerako
bere hankartean urtzeko gertu
jarri zitzaidan haragia.
Argia itzalita, azpian hartu nuen,
bustian labain lerratu nintzaion,
Coruñakoa, ijitoa omen zen,
eta atera gabe bira egin
eta gainera ekarri,
sugelindera gerri bihurria
ene esku artean irristan.
Orduan argia piztu nuen
eta erasoak azkartu egin zituen:
sabelpeko bidelapurra zen
haren alua.
Eta orduan ikusi nuen,
txinparta baten ziztada aire beltzean,
gogo-truke larrutan ari denaren
plazer distira.

ZATOZ, ASEMEN!

Joan hadi itsasora,
itsasora bai
eta pausatu ezan
hire bihotzaren soa.

Begira egion samur,
laztan egion luzaz,
biluzten haizenean
heure gorputzari bezala.

Laztanduko hau, bai,
laztanduko hau.
Aseko din
desira izan hituen
ta inoiz egin
ez zizkinaten
fereka guztiek
utzitako hutsunea.

Hire gau bakartien
uzta biltzeko orena
jada iritsi dela
esango din itsasoak.

Joan hadi itsasora,
itsasora bai
eta pausatu ezan
hire bihotzaren soa.

Laztanduko hau, bai,
laztanduko hau.
Aseko din
desira izan hituen
ta inoiz egin
ez zizkinaten
fereka guztiek
utzitako hutsunea.

EZ ASKO ESPERO

Inork espero ez nauen leku batera noa
niregandik gehiegi espero zuten batetik:
‘Bizitza inozo baten sakrifizioa’
‘Diruarekiko atxekimendu sakonagoa’
zidaten eskatzen.

Motoa estutzen dut hankartean,
haizeak lasaitzen dizkit lokiak;
joanean noa
joatea besterik
eskatzen ez didan abiaduraren meneko.

Motoa estutzen dut hankartean,
haizeak lasaitzen dizkit lokiak;
nigandik inork
ezer espero ez duen
une zoriontsu hau eternizatuz.

Inork espero ez nauen leku batera noa
niregandik gehiegi espero zuten batetik:
‘Harlandu sendoz etorkizuna tinkatzea’
‘Betirako konpromezu sakon ta serioa’
zidaten eskatzen.

Motoa estutzen dut hankartean,
haizeak lasaitzen dizkit lokiak;
joanean noa
joatea besterik
eskatzen ez didan abiaduraren meneko.

Motoa estutzen dut hankartean,
haizeak lasaitzen dizkit lokiak;
nigandik inork
ezer espero ez duen
une zoriontsu hau eternizatuz.

URRUN DABILENAREN KANTA

Gandua dator maite
mendian behera
eta ni banoa bizkor
zure aldera.

Iritsiko ote naiz arren
gandua sartu baino lehen.
Tximiniko suak uxa
dezala gure hotza
gaur pattarra
kopa beroan
edan nahi dut eta bihotza.

Gandua dator maite
mendian behera
eta ni banoa bizkor
zure aldera.

Dantza egin ta kantatu
gaua gure oihuz urratu.
Ta deskuidoan nekeak
harrapatzen ba gaitu
ohean etzan,
indarrak berritu
eta matte-matte, oso-osorik
laztanduko zaitut.

Gandua dator maite
mendian behera
ea iristen naizen, laster,
zure etxera.

BUFANDA EHULEA

Egizkiguk bufandak marihuanaren kearekin
serietatea nagusitzen bada,
egizkiguk bufandak marihuanaren kearekin
gure umorea babesteko.

Txikitatik hasi zitzaizkidan
estudiatzeko esaten
baina bokazio batek nidun
okerrera aztoratzen
denbora zertan pasatzen dudan
esango dizuen ozen
belarretan etzanda
belarra erretzen.

Egizkiguk bufandak…

Ez dut hemen nik alferkeria
goraipatu nahi debalde
baina ezer gutxi aurkitzen det
lan-ordutegien alde
nire gauak nolakoak diren
egunsentiari galde
bizi gera pazik
ezer egin gabe.

Egizkiguk bufandak…

Marihuanaren kearen bidez
mintzo gera zuhaitzekin
ez baigara batere fidatzen
banketxeen hizkuntzakin
erreta gaude jende mordo bat
kapitalismoarekin
porroa piztuz
kanta denok gurekin.

Egizkiguk bufandak…